Euskaldunen Misterioa Argitzen

Euskaldunen herria ‘misteriotsua’ dela aspalditik esan izan du hainbatek. Euskararen ezaugarri bereziek piztu zieten jakin-mina zenbaiti, Ilustrazioko hizkuntzalari gailenetako batzuei, besteak beste: Humboldt, Luis Luziano Bonaparte… Eta euskaldunen berezitasunek erakarri zituzten beste zenbait, Victor Hugo, Lope de Vega, Bizet eta Cervantes idazle handiak, esaterako. Harritzekoa ere bada ia mila urtean munduko bi erresuma boteretsuenen tartean egon den herri honek nolatan lortu duen bere tradizio eta instituzioei eustea, eta nolatan gorde duen bere hizkuntza, kontuan izanda duela gutxira arte euskarak ez gramatika bateraturik eta ez babes ofizialik ez zuela. Asko eta korapilatsuak dira euskaldunen misterioak, eta esan liteke, beraz, ulertu gabeko herri bat dela euskaldunena.

‘Irrealista’ eman lezake Zumaiako Udalaren asmo honek, laurogeita hamar minutu eskaseko bisita gidatu baten bidez jendeari oro har euskal zibilizazioa azaldu nahi izateak. Baina lortzen da, horixe da egia, eta oso modu arin eta naturalean, gainera, inolako esajerazio eta propagandarik gabe.

Euskaldunen misterioari buruzko bisita gidatua Zumaiako turismo-bulegoan hasten da, handik ekiten zaio ibilaldiari: Urola ibaia eta Arroaerreka elkartzen direneko moiletan hasi, eta herriko kaleetan barrena, Zumaiako eraikin garrantzitsuenetako batzuk ikustera eramaten gaitu. Kontakizunaren hasieran Geoparkeari buruzko azalpenak ematen dizkigute, eta fenomeno natural berezi bat ere aipatzen dute, noski: flyscha, Zumaia eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea Europako helmuga geologiko bisitatuenetako bat bihurtu duena. Hortik aurrera, euskarari buruzko hamaika kontu argitzen digute, oso modu bisual eta entretenigarrian. Hasteko, euskalkien berri ematen digute, eta nola dauden ezarrita euskal lurraldeetan; ondoren, adibide eta jolas bizi-bizien bidez, erraz ulertzen dugu euskarak beste hizkuntza batzuekin izandako harremana, eta herri honen jatorria esplikatu nahian orain arte eman izan diren tesi ugari baina herrenak. Ugari baitira azalpenak, baina gauza ziurrak oso gutxi, salbu eta erromatarrek jada euskaldunak aipatu zituztela, duela ia bi mila urte, Pirinioetatik iparraldera eta hegoaldera dauden lurrak deskribatu zituztenean.

Mito asko uxatu eta argitzeko balio du euskaldunen misterioari buruzko bisita honek, eta horietako bat da, hain zuzen, hizkuntza gutxituen artean euskarak duen garrantzia, gaztelaniarekin duen harremana, euskara batuaren ‘sorrera’, eta euskara berreskuratzeko azken hamarkadetako prozesu iraultzailea, munduko hamaika bazterretan eredutzat hartu dutena.  Euskaldunen misterioetan beste multzo bat etnologiarekin lotutakoak dira. Zumaiako adibideetan oinarrituta, bizimodu tradizionalaren berri kontatzen digute, eta zeinen garrantzitsuak izan diren etxea, emakumea, arrantza, gastronomia, industriako jarduerak, musika, mitoak eta sinboloak, herri kirolak, pilota, kortsarioak… Gai horiek guztiak berez bezala sortu eta hitz gutxitan argi azaltzen dira eraikinez eraikin goazela. Eta ibilbidean aurrera egin ahala, galdera-erantzunen bidez asmamenezko jolas moduko batean murgilduta, bisitariak erraz ulertzen ditu euskarazko hitz, arau, kidekotasun eta sailkapen batzuei buruzko hainbat kontu jakingarri, hainbat bitxikeria. Tarteka, euskararen misterioa lausotu egiten da, baina ez erabat; eta horri eskerrak, misteriorik gabe ezin aspergarriagoa izango bailitzateke bizitza.

Euskaldunei eta euskarari buruz gehixeago ikasteko gogoa pizteaz gain, ondorio honetara iristen da bisitaria: euskaldunen misterioari buruzko azalpen erabat ulergarriak badirela, eta herri txiki honi eta euskal zibilizazioari entzutea ematea, horixe dela egin beharrekoa, merezi baitu, elkar hartuta bizirik irautearen eredu da eta.

Informazioa eta erreserbak: https://geoparkea.eus/eu/bisita-gidatuak/enigma-bizia

Testuaren egilea: Ignacio Suárez-Zuloaga

Comentarios Facebook

About the author

Simple Share Buttons
Simple Share Buttons

Utilizamos cookies de terceros para mejorar la usabilidad para dispositivo de usuario. Si usted continua navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración y obtener más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar